XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

OROTARIK. GURE ESKUALDEAN

- Baionatik Miarritzerat buruz jalitzean, auto bat zeiharka joan da eta gaitzeko oldarrean xehatu errebide junta batean.

Autozaina, Max Leche jauna, 48 urte, polizako aintzindaria, gure eskualdeko D.S.T. deitu zerbitzuaren buruzagi lehena, kolpez hil da errekontru hortan.

- Heldu den ekainean, Miarritzek eta Donostiak ohore handitan finkatuko dituzte elgarren arteko lokarri berri batzu, jumelage izeneko parekatze baten bidez.

Ondorioz, gero eta hartu-eman gehiago izanen da bi hirien artean eta hori zauku atsegingarri.

- Ahurtin, André Lebrun jauna, 60 urte, burdin-bidetako enpleatu ohia, urerat erori da eta ito... Haren gorputza biharamunean atera dute uretik.

- Pausuko mugatik Bilboraino helduko den errebide-nausia hemendik bortz urteren buruko egina izanen da.

Maiatz huntan hasten dira obrak, Bilboko aldetik.

Donostiatik Pausurateko zatia azkenik eginen dute.

Errebide horrek 27 metrako zabaltasuna ukanen du burutik buru.

Obra horien akulatzeak ainhitz gisetarat abantail ainhitz ekarriko du Eskual-Herri guziari.

- Baionako hamargarren Entretiens edo Solasketak ezin hobeki iragan dira.

Jendea untsa jarraiki da bilkura guzieri, bereziki gazteak.

Ondoko urtetan akula ditazken aldakuntza asko eta asko aipatu dira, dela Ikaskuntzari buruz dela bertze sail frangori buruz.

Aintzineko urtetan bezala, Solasketa horiek entzulen gogoaren aberasle izan direla, ez da hortan dudarik.

- Mugaz bertzaldeko hiru arrantzari-untzi bahituak izan dira Landesetako itsas-aldean, Frantses ekarri uretan sobera ausart zirelakotz.

- Ahetzen, suak azkarki funditu du laborari etxe bat, Lassègue bi aneien bizitegia.

Teilatu guzia erre da, sukaldea eta ganbera bat suak suntsitu ditu, gaineratiko barnetan ere ba omen da makurra frango.

- Bideko ixtripuak: Pausun, Bidarteko kamiun bat, boteila hutsez kargatua, ixkuli da bihurgune batean! Lanak ukan dituzte kamiuna arroilatik ezin ateratuz.

Itsasun, auto batek jo du Donibane Garaziko otobuz bat.

Autozaina, Paul Olaizola, 19 urte, eta Bidarraiko neska gazte bat, Nativité Lacomme, frango azkarki kolpatuak izan dira; heiekin ziren bertze hiru gazteak arinkiago.

MUNDU ZABALEAN

- Barrientos jauna, Bolibiako Presidenta, errekontruz hil da joan den igandean.

Elikoptera batean joaki zen biltzar batetarat, La Paz deitzen den hiri-nausitik hiru ehun bat kilometretan.

Ibil-tresna hori lehertu da mendixka baten mazelan.

Zazpi haurren aita, Barrientos jaunak 48 urte zituen.

- Berriz ere, bihotz-ordaintzeko operazione bat egin da Afrika hego-aldean.

Seigarrena herri-alde hortan egiten dena...

- Marokan, Rabat hiriaren bazterrean, izigarriko su batek funditu edo suntsitu ditu hiru mila bizitegi, gehienak taulazko etxe txar batzu.

Su hori nexka ttipi batek piztu du errekontruz eta hedatu da ikaragarriko oldarrean.

Bi presuna bizirik erre dira; kolpe eta erredura askorekin ospitalerat eremanak badira hogoi bat lagun.

Hamar bat mila presuna aterberik gabe gelditzen dira.

FRANTZIAN BARNA

- Berre hirian, Marzellako aldean, aita batek bere hiru haurrak autoan utzi ditu berak bulego batean sar-jali bat egiteko denboran.

Zerbeit gisaz, haurrek su eman dute autoari eta haren barnean bizirik erretzen ari ziren, lekuko batzuek ahal bezala atera dituztelarik.

Bi urteko muttiko bat berehala hil da erreduren ondorioz, haren bertze bi haurridek beren azken hatsa eman dute ospitalerat heldu eta zonbeit orenen buruko...

- Aurtengo lehen meloinak atera dira Cavaillon hiriko merkatuan.

Saltzalek 45 libera berri galdatzen zuten kiloko eta prezio hortan joan dira...

- Aisne eskualdean, gaixtagin atrebitu bat, 24 urteko mutiko gazte bat, motaz Alemana, balentria tzar frangoren egilea, jandarma batek tiroz hil du oihanpe batean gorde beharrez ibilki zelarik.

Kaxketadunak bulta hartan haren ondotik zabiltzan.

Oihu egina zioten tiro emanen ziotela aintzina iheska johan bazen.

- Angouleme hiritik ez hain urrun, mutiko gazte batek bi urtxintxa ume bazituen bide hegian atxemanak, arbola baten azpian.

Etxerat joan ditu eta etxeko gatuari eman hazteko.

Gatuak arras hartuak ditu, bere umeak , balitu bezala.

- Moulins hirian, errebideak burdinbidea kurutzatzen duen toki batean, bere usaiaz kanpoko tenorean iraganki zen trein batek oldar izigarrian kamiun bat jo du eta xehatu.

Kamiunzaina, 34 urteko gizon bat, kolpez hil da.

Treinean ziren bortz lagun kolpatuak izan dira.

- Alpetako mendietan, Italiako mugatik arras hurbil, maikueria agertu da artalde batean.

Berrehun ardi berehala hil dituzte.

Bainan artzainak beldur dira gaitz ilhun hori ez ote den aintzina hedatuko.

- Igande goizean, François Mauriac idazlari famatuak eroriko tzar bat egin du bere etxetik jalitzean eta sorbalda hautsi.

Ospitalerat berehala ereman dute.

- Bi gaixtagin atrebitu, ohointza frangoren egileak arrastatuak izan dira Colombey les deux Eglises herritik hiru kilometretan, de Gaulle jenerala bizi den etxetik arras hurbil.

- Peugeot etxeak jakinarazi du auto berri bat, 304 izenekoa, jaliko duela hemendik zonbeit denboraren buruko.

Ez du haatik salhatu nolakoa izanen den.

- Aurten, ihiziko permisa 60 libera (berri) gostako da eta ez da departamenduan baizik bali izanen.

Bi departamendutan bali izanen den permisa berezia eskuratzen ahalko da 90 libera berritan.

Aldiz, Frantzia guzian bali izanen den permisa beharko da pagatu hogoi mila libera xahar...

- Bordalen, nehorat biltzerik ez duten gizon batzu kolpeka arizan dira.

Kasik lurrerat joana den etxe zahar batean sartuak ziren gau baten pasatzeko.

Ezdeusen gainetik samurtu dira eta 36 urteko gizon batek itsuski jo du 65 urteko bere lagun bat.

Hunek azken hatsa eman du hartu kasken ondorioz.

Hiltzalea eta harekin ziren bertze bi lagun preso altxatu dituzte.

- Lille hiritik hurbil, harrobi batzuen hegitik aintzina joan eta, bada lurpez zernahi bide, arteka eta leize.

Sei mutiko gazte, hor gaindi ausartatuak zirenak, arrunt galduak ibili dira.

48 orenen buruan atxeman dituzte, jandarma eta bertze, denetarat zonbeit ehun lagun heien ondotik ibili ondoan...